"Ni ez naiz sorgina" dokumentala
Euskal Herriko sorgin ehizaren historiari begirada kritikoa
06 Mai 2025

Ni ez naiz sorgina Asisko Urmeneta historialari nafarrak bultzatutako ikus-entzunezko lana da. Mende batez Nafarroa eta Euskal Herri osoa suntsitu zuen sorginkeriagatiko jazarpenari buruzko kontakizun nagusia deseraiki nahi du proiektu honek, 400 urte baino gehiago iraun duen narratiba eta gaur egun oraindik ere iruditeria kolektiboa baldintzatzen duena.
Orona Fundazioak aktiboki bultzatu duen dokumentala Urmenetak Sugarren mende (2020) komikian egindako lanaren jarraipen natural gisa sortu da. Lan horretan, Zugarramurdiko herritarren aurkako inkisizio-prozesua landu zuen. Ni ez naiz sorgina filmarekin, Urmenetak pauso bat harago eman du, ikerketa grafiko eta ikus-entzunezkoan murgilduz hainbat herritan barrena, sorgin-ehiza deiturikoan benetan gertatu zena berreraikitzeko, ikuspegi kritiko eta dokumentatu batetik.
Obra 2025eko ekainean kaleratuko da Auritzen, Nafarroan sorginkeria bidezko lehen exekuzio kolektiboaren 500. urteurrenean, eta Euskal Herriko eta beste herrialde batzuetako (Estatu Batuak, Frantzia eta Ingalaterra, besteak beste) aditu eta historialari ezagunen laguntza izan du. Denek partekatzen dute hipotesi komun bat: sorgin-ehiza Europan azaleratzen ari ziren erregimen absolutisten tresna izan zen erresistentzia sozial eta komunitarioa itotzeko, Nafarroa bezala, autogobernurako eta herri-bilerarako egiturak mantentzen zituzten lurraldeetan.
Fundazio gisa, funtsezkotzat jotzen dugu memoria historikoa ikuspegi kritiko, sortzaile eta giza eskubideekin konprometiturik, berreskuratu eta duintzen duten ekimenak babestea. Ni ez naiz sorgina ez da soilik oroimen ariketa bat, baizik eta gogoetarako dei bat ere bai, boterearen kontakizunak nola eraikitzen diren eta hauek artez, historiaz eta kontzientzia kolektiboz nola desmunta daitezkeen.